HASIERAKO ARGIBIDEAK. Zer dira baldintzak? Euskal baldintzei buruz berba egiten dugunean, askotan pentsatzen dugu atal biz osaturik daudela (baldintza + ondorioa). Bada, kontuz ibili! Baldintzak horrela du izena BA- aurrizkia daramalako. Eguraldi ona egiten (baldin) badu, hondartzara joango gara. Baldintza “eguraldi ona egiten badu” baino ez da; “hondartzara joango gara” ondorioa da, eta gainera, ez da baldintzari lotuta joan behar den atal bat. Hau da, ez dugu zertan perpaus edo esaldi berean BALDINTZA + ONDORIOA erabili, kontuz!! Maiz, baldintza edo ondorioa baino ez dugu aurkituko (desirak opatzeko, esaterako, baldintza hipotetikoa: “lan egin beharko ez banu...!”). Pentsatu ohi dugun beste kontu bat da atal biak agertzekotan, beti ordena horretan agertuko direla; hots, baldintza esaldiaren hasieran eta ondorioa amaieran; horregatik “baldintza” eta “ondorio” terminoak erabili beharrean, askotan “baldintzaren lehenengo atala” (baldintza bera, BA- aurrizkia daraman atalaz hitz egiteko) eta “baldintzaren bigarren atala” (ondorioari erreferentzia egiteko) esan ohi dugu. Egia da gehienetan ordena horretan azaltzen direla, baina horrek ez du esan nahi beti hala izan behar denik!! Beraz, hasi perifrasi horiek baztertzen eta deitu euren izenez (“hondartzara joango gara eguraldi ona egiten (baldin) badu” moduko esaldiak ere arruntak dira). BALDINTZA MOTAK Hiru baldintza mota ditugu euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez bezala: 1. ERREALA 2. HIPOTETIKOA 3. IRREALA edo IRAGANEKOA BALDINTZEN EGITURAK 1. Erreala1: Eguraldi ona egiten BAdu (...) Aditz nagusia: -T(z)EN (abituala) + BA-aditz laguntzailea (indikatibozko orain aldia) 2. Hipotetikoa: Eguraldi ona egingo BAlu (...) Aditz nagusia: -KO/-GO (geroaldia) + BA-aditz laguntzailea (hipotetikoa) 3. Irreala edo iraganekoa: Eguraldi ona egin (izan) BAlu (...) Aditz nagusia: O (partizipioa) (+IZAN) + BA-aditz laguntzailea (hipotetikoa) Esan bezala, baldintza adierazteko, BA- aurrizkia erantsi behar zaio aditz laguntzaileari, bai indikatibozkoari, bai hipotetikoari.
1
Ez da egitura bakarra, bai ohikoena. Ikusi “Eranskinak” izenenko atala.
IKASGEL@_____ _______________________________
Oharra: baldintzek eta ondorioek bat etorri behar dute; hots, baldintza erreala bada, ondorioak ere (agertzekotan, gogoan izan) errela izan behar du, baldintza hipotetikoa bada, ondorioak ere hipotetikoa izan behar du baina, ADI!!: Baldintza irreala edo iraganekoa denean, ondorioa idazterakoan aukera bi dauzkagu: iraganari begirakoa bada irreala, baina orain edo geroaldiari begirakoa bada, hipotetikoa: Institutu garaian gehiago ikasi (izan) banu, denak gaindituko nituzkeen/nituen. (iraganari begirakoa) Institutu garaian gehiago ikasi (izan) banu, orain denak gaindituko nituzke. (unibertsitatean, esaterako; kasu honetan orainari begirakoa dugu) Baina: Ikasten badut, denak gaindituko nituzke.* (Ikasten badut, denak gaindituko ditut) Ikasten badut, denak gaindituko nituzkeen.* (Ikasten badut, denak gaindituko ditut) Ikasiko banu, denak gaindituko ditut.* (“Ikasiko banu, denak gaindituko nituzke) Ikasiko banu, denak gaindituko nituzkeen/nituen.* (Ikasiko banu, denak gaindituko nituzke) Ikasi (izan) banu, denak gaindituko ditut.* (Ikasi (izan) banu, denak gaindituko nituzkeen/nituen bere garaian edo orain dena gaindituko nituzke) Puntu hau amaitzeko, bakarrik gogorarazi baldintza irrealen edo iraganekoen kasuan IZAN aditza hautazkoa dela, baina zenbait aditzek nahitanahiez hartu behar dutela. Hauxe da BEHAR, EZIN, AHAL, BALIO eta NAHI aditzen kasua, besteak beste: “Behar IZAN banu” eta “behar banu” perpausak desberdinak dira, kontuz!! “Behar IZAN banu” = iraganekoa “Behar banu” = “beharko banu”, “behar izango banu”, hipotetikoa. Kontuan hartu, hortaz!! BALDINTZEN BEREZITASUNAK. Ezezko perpausak Hasieratik dakigun gauza da ezeztapen bat egiten dugunean, aditz laguntzailea aurreratu egin behar dugula: “Etorri naiz” + EZ > “Ez naiz etorri” Baina erregela orokor honek ere (erregela guztiek bezala) salbuespenak baditu eta baldintzen kasua salbuespen horietariko bat da2. “Etortzen banaiz”, ”etorriko banintz” edo “etorri (izan) banintz” + EZ “Etortzen EZ banaiz”, ”etorriko EZ banintz” edo “etorri (izan) EZ banintz” “Ez banaiz etortzen”*, ”ez banintz etorriko”* edo “ez banintz etorri (izan)”* Hau da, baiezko perpausen ordenari eutsi baina aditz nagusia eta laguntzailearen artean EZ partikula kokatuz. ONDORIOAK. Motak eta egiturak Hortaz, ondorioak ere hiru motatakoak izango dira: 1. Erreala: “(Eguraldi ona egiten badu) hondartzara joanGO naiz” Aditz nagusia: -KO/-GO (geroaldia) + aditz laguntzailea (indikatibozko orain aldia) 2. Hipotetikoa: “(Eguraldi ona egingo balu) hondartzara joanGO nintzateKE” Aditz nagusia: -KO/-GO (geroaldia) + aditz laguntzailea (hipotetikoa)-KE 3. Irreala edo iraganekoa: “(Eguraldi ona egin (izan) balu) hondartzara joanGO nintzateKEEN/nintzen” Aditz nagusia: -KO/-GO (geroaldia) + aditz laguntzailea (hipotetikoa-KE + -(e)N edo indikatibozko iragana)
2
-(e)lako motatako perpaus kausaletan, -(e)nean denborazkoetan eta erlatibozkoetan ere ez dugu ordena aldaketa egingo.
IKASGEL@_____ _______________________________
ADITZ LAGUNTZAILE HIPOTETIKOAK. Buruz ikasi behar? Aditz laguntzaile hipotetikoak lortzeko, indikatibozko iraganeko laguntzaileetatik abiatu behar dugu. Esan nahi badugu “te lo diría” euskaraz: 1. Pentsatu iraganean: “te lo dije” (nik zuri gauza bat, hots, ZER-NORI-NORK arrunt eta sinple bat): “Esan nizun”. 2. Iraganeko aditz laguntzaile horri, iraganeko marka kendu (-eN): “nizu”. 3. Orain pentsatu baldintza edo ondorioaz ari garen, BA- edo -KE eransteko. Kasu honetan, ondorioa daukagu, beraz, -KE gehitu behar amaieran:“nizuKE”. 4. Azkenik, pentsatu zer motatako ondorioa den (hipotetikoa edo irreala) eta dagokion egiturara moldatu. Tatxaaaaaaaaaan!!!: “esango nizuke”. Beraz, kontrolatu behar duguna indikatiboa da, ez denbora xahutu kuadro guztiak buruz ikasten!!! Hori bai, kontuan hartu hizkuntza bat dela, ez matematikak, eta berezitasun batzuk badituela (ikus NOR eta NOR-NORK dagokien aditz laguntzaile hipotetikoen kuadroa, esaterako). AZKEN OHARRAK 1. Oro har, BA- eta -KE partikulak ezin direla batera agertu esan behar dugu; hau da, aditz laguntzaile batek BA- aurrizkia harzen badu, adierazi nahi duguna baldintza da eta, hortaz, ezin diogu -KE atzizkia erantsi, azken honek ondorioa adierazten du eta. Banintzateke* (banintz/nintzateke), banindukezu* (baninduzu/nindukezu), balitzaiguke* (balitzaigu/litzaiguke), bazenituzke* (bazenitu/zenituzke)... Baina gogoratu ahalerazko formek ere -KE atzizkia erabiltzen dutela eta, oso ohikoa ez den arren (batez ere hizkuntza mintzatuan), ahalerazko adizkiak ere baldintza egiteko erabili ditzakegula (badezaket...) 2. Gogoratu hainbat aditzek ez dutela geroaldia adierazteko -KO/-GO partikularen beharrik, hala nola BEHAR, EZIN, AHAL, BALIO eta NAHI. Beraz, “Balio balu” = “Balioko balu” = “Balio izango balu”
ERANSKINA. Baldintza errealak direla eta ez direla Hasieran aipatu legez, baldintza errealen egiturarik ohikoena -T(z)EN BA- den arren, badira beste batzuk; hona hemen: Jan baduzu, joango gara kalera (jan baduzu, goazen kalera) Jaten ari bazara, ez kantatu. Jango baduzu, zuk zeuk prestatu beharko duzu bazkaria. Azken kasu honetan, aurrekoetan ez bezala, ondorioa bete behar da baldintza eman dadin; helburu kutsua dauka: Jan nahi baduzu (jateko), zuk prestatu beharko duzu bazkaria. Jatekotan, zuk prestatu beharko duzu bazkaria. Beste adibide bat: Euskaraz hitz egin behar dugu salbatuko badugu = euskara salbatzeko euskaraz hitz egin behar dugu.
IKASGEL@_____ _______________________________